Erretratoak. Iratxe

Iratxe. Iratxek ezin du bozkarik eman, baina berdin dio. Bozkatzerik balu ere nori eman ez luke jakingo. Momentuz, adinez gazte izatera kondenatuta dago, eta batzuetan eramanezina den gurutze lez sentitzen du. Lagunak bestelakoak dira, zoriontsuagoak, beharbada. Iratxek barre gutxi egiten du, giro pentsakor etengabean murgilduta dago eta lagunek koadrilako aspergarriena dela pentsatzen dute. Berari berdin zaio lagunek zer pentsatzen duten, hori esaten du sarri. Baina batzuetan lagunek min ematen diote. Bizitzak min ematen dion lez. Jantzilekuetako arropa-tokietan txanponik geratzen ote den begiratzeko oihtura du. Aspalditik. Inoiz pare bat euro edo aurkitu izan du. Lagunek ez dakite zergatik egiten duen, diru beharrik ez du-eta. Behin esan zien beste bizitza batean txiroa izan zela eta hortik geratu zaiola, tradizioa dela berarentzat. Lagunentzat, ordea, tradizioa osterantzekoa da, halako opor-lekuetara joatea edota amaren denda berean arropa erostea. Garbitzailearekin egin du topo; honek ez du maite. Astelehen, asteazken eta ostiraletan txaponik ez du aurkitzen. “Neskato txolinaren” erruz dela badaki, jakin. Begiradek erronkarik bota balezakete, garbitzaileak astean hirutan botako lizkioke Iratxeri. Iratxek ez dio kasurik egiten, eta uste dut berarentzat ikustezina dela garbitzailea. Iratxerentzat ikustezinak dira denak; lagunak, aldagela, eta bizitza orohar. Goizetan sentitzen hasten da, Iratxe, eta oheratzerakoan oraindik ere sentitzen du: bera ez da hemengoa.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Iratxe

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *