Erretratoak. Gotzon

Gotzon. Kirola praktikatzetik dator Gotzon. Amak prestatu dion ogitartekoa ez zaio gustatu eta zorroan sartu du. Arreta non jarri aritu zaizkio begiak. Aurrean duen bikotea aztertzen ari da.

Bikotearen musu umel eta argigarriak begiratzen duen bakarra da. Modu antropologikoan begiratzen dituela esango luke Gotzon begiratzen duen edonork. Bikotearen buruek eskumaldera makurtzerakoan berak ere apur bat eskumaratu du burua.

Mutilaren begiradak liluratu du Gotzon. Neskaren begietan sartu behar dela ematen du. Neska ez du ikusten, baina bere eskuak mutilaren bizkar azpian galtzen direla jabetu da. Tarte batez urrundu dituzte buruak, arnasa hartzeko etena. Indar ezkutuko batek tentatzen ditu, baina.

Berriz ere hurreratu dira;  lehenengo sudurrak, eta ikutuera bizkor baten ostean ezpainek egin dute topo. Gotzonek begiak kliskatu ere ez ditu egiten. Neska eta mutilaren mugimendu akonpasatua, elkartua aztertzen ari da. Une batez ingurura begiratu du. Beste ezer interesgarriagoa aurki lezakeela pentsatu du.

Baina, ez. Ezpain-jolasean dagoen bikote hori baino gauza interesgarriagorik ez dago. Ahots automatiko batek AIBOA esan duen arte. Kirol zorroa hartu eta bikotearen albo-albotik pasatu da Gotzon. Eskaileretan gora ahaztu egin du metro barruko bikotearen lan antropologikoa… eta Ainhoaren ezpain potoloak etorri zaizkio akordura.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *