Erretratoak. Nadia

Nadia. Eritetxera bidean lora sorta eder-ederra darama Nadiak. Erositakoak inondik ere, sorta estaltzen duen plastikoan “Amaia lorak” esaten baitu.

Gaixorik edota erditu berriren bati oparitzeko izan zitezkeen, baina ez. Nadiak bestelakoa du xedea. Aldats erdian gelditu egin da eta kolorez beteriko lora sorta atontzen hasi da. Koloreak nahastu egin nahi izan ditu. Larrosa, gladiolo, krabeliñ eta tulipanak bata bestearen gainean eta alboan. Urdina, gorria, berdea, zurixka, beix-a eta horiaren nahastea izugarri deigarria da.

Aldatsari ekin dio berriz ere, eta bazter batean gelditzen den farola-habearen aurrean geratu da. Lore sorta estutu egin du bularraldean. Ez du malkorik begietan baina metalezko habetik ezin du begirada kendu.

Eskua pasatu du lora mutur guztietatik, loreak laztandu nahi balitu lez. Orduan ingurutik pasatu zaizkion bidaiariak harritu dituen zerbait egin du: sorta lurrean utzi eta bertatik tulipan urdina atera du. Musukatu eta sakeletik ateratako zelo zati bat ebaki ostean tulipana farolaren habera itsatsi du.

Eta orduan, estu-estuan, farola-habea besarkatu egin du.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *