Erretratoak. Armando

Armando. Eguneratuta egon nahi du Armandok, baina aldi berean bere klasikotasunari eusten dio: gabardina marroia, bakeroak, alkondara zuria eta zapata marroiak. Moderno zaharra dirudi. Aurrean, txapeladun gizona: pintzadun prakak, ator grisa eta euritarako zira. Klasikoagoa den gizonak adi entzuten ditu aurrekoaren esanak.

Neure lehenengo legoa egurrezkoa izan zen”, esan dio zahar-modernoak klasikoari. “Hor hurbildu nintzen hirigintzara, eta eraikiniak edo egiten nituen”. Arkitektua zara? Esan dio txapeladun gizonak. Zahar-modernoak ez dio erantzun, baina azaldu dio amak behin eta berriz esaten ziola biziatuta zegoela eraikitzearekin.

Isilunea. Moderno-zaharrak ingurura begiratu du, eta sartu berri den emakumea goitik behera aztertu du. Gizon txapeladunak ere emakumea begiratu du. Zahartutako modernoak berbetan jarraitu du. “Beti pentsatu dut zerua harrapatzeko eraikin altuak egin behar zirela, eta han goian, eraikinaren azkenengotan jainkoa egongo zela”.

Emakumeak ez du ezer ulertzen. Txapeladun gizonak eskuak igurtzi ditu, eta Armando bagoiko sabaiari so geratu da. “Eta? Badago jainkoa han goian?”.

Geltokira ailegatu  dira. Metroa gelditzen ari da. “Tira, jauna, plazer izugarria eman dit zurekin berba egiteak. Egun ona izan dezazula”.

Atea zabaldu denean, modernoz janzten duen zaharra irten egin da bagoian isilunea utziz.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *