Erretratoak. Karmen, Karmele eta Kattalin

Karmen, Karmele eta Kattalin.

Amuma, ama eta alaba. Alabak hirurak, egia esatera; bi ama, hirugarrena ama izatear dago. Karmenek 18 urterekin izan zuen lehenengo alaba; Karmelek hamazazpirekin eta Kattalinek, 19rekin izango du.

Lokarri gehiago bada ezpal bereko Karmen, Karmele eta Kattalinengan. Karmenek senarra galdu zuen istripuz umedun zegoela; Karmeleren alabak bost urte zituen senarrarengandik bereizi zenean; Kattalinen umeak ez du Aitarik (behintzat publikoan ez du inoiz esan zein den haur horren Aita).

Aurpegiera ezberdina dute; ulertzen ez duten patuaren azpijokoa edo. Barre egiteko era, berriz, berdina.

Bihotzeko arazoak ditu Karmenek; bihotzeko minak Karmelek; bihozkadak, Kattalinek. Inoiz gutxitan eztabaidatzen dute, eta egiten dutenean garrantzi bako kontuengatik egiten dute. Gaurkoa, ostera, kontu serioa da. Kattalinek “Getari” izena eman nahi dio laster jaioko den alabari. Ama eta amuma haserre daude. Tradizioari jarraituaz KA-z hasi beharko luke izena. Kaia, Kara, Karlota, Katariñe edo Katrin proposatu dizkiote Kattalini. Berak, berriz, tradizioa apurtu nahi du, osterantzeko bidea zabaldu nahi dio alabari.

Hiru belaunaldi nahikoak dira. Aldatu beharra dago”.

Karmen eta Karmele ez daude ados, baina barru barrenetan badakite Kattalinek arrazoi duela, eta laugarren belaunaldiak “Getari” izena beharko lukeela.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *