Erretratoak. Marta

Tren geltokia gainezka dago. Ordurik okerrena izaten da goizerokoa. Joan-etorriak bizkorregiak dira. Inor ez da gelditzen. Abiadura bizian doazen irudiak dira egunerokoak. Martak ere prisa dauka baina  liburu batek txunditu du.

Bahitu du.

Harrapatua du.

Neurriari begirada bizkorra botaz esan dezakegu 600 bat orrialdeko liburua dela. Patxadan begiratuko bagenu esango genizuke 547 orrialde dituela, baina arinegi goaz eta kalkuluak kolpean eskatzen dira.

Martak goizeroko irudia apurtu du. Gelditu egin da. Eskailera ertzean dago, geldi, liburua amaitzeko falta zaizkion azken orriak irentsi nahirik. Alde batetik kolpea hartu du, eta bestetik ere bai. Irakurketari lotu zaio, baina. Tren bat badoa; beste bat datorrenean inurritegia zabaltzen dela ematen du. Martak okupazioa egitea erabaki du. Ez da bertatik mugituko.

Metro karratu batean dago eta ez du besterik behar.

Hasieran zutunik, baina laster behearen gainean jarri da. Boltso bazterrean eta bizkarra horma baten kontra liburua irakurri eta irakurri dago. Jendeak ez du begiratzen. Abiada biziak ez du horretarako tarterik uzten.

Geltokiko behargina, ordea, jabetu da. Eta hurreratu zaio.

Nor da hiltzailea?”, galdetu dio.

Amaitzen dudanean esango dizut”, erantzun dio.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *