Erretratoak. Raul

Zuriagoa balitz elurra litzateke Raul, baina elurra izateko muga pasatu orduko gizaki bilakatu zen. Denborak ez du asko maite, eta bere joana ile gabezian igartzen ari da. Belaunetako minean. Eta garai bateko hagin perfektuetan.

Gora eta behera dabil beti maletatxoarekin. Ezagun eta bizilagunek aseguru-etxeren bateko behargina dela uste dute. Raulek inoiz ez du ezer esan, eta bere isiltasunaren gainean eraiki dute bere errealitatea.

Bakarrik bizi da. Gurasoena zen etxean. Aitak ezkontzatik kanpo izan zuen semea kontutan hartzen ez bada seme bakarra da. Auzokideek hori ere ez dakite.

Inork galdetuko balie zelakoa ote den Raul gizon arrunta dela erantzungo lukete. Diosala egiten duen horietakoa. Gutxik esango luke atsegina ez denik; kantariak esango lukeen bezala kalean arrastaka dabilen zure antzeko piztia baino ez da.

Gaur prisaz ibili da Raul, estu eta larri. Estutasun horretan ez du maletatxoa ondo zarratu. Akats handia izan da, baina Raul ez da jabetu.

Ingurukoak ere ez dira jabetu kremailera irekitik behera jausten den likits potolo hori odol tanta arruntak direla.

Ume bat odol zantzuak jarraitzen hasi den arte.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *