El poema. Luigi Anselmi, vasco

foto-luigi-anselmi-2

Beste edari bizien aldean

Apal da eta diskret;

Ez du urre edo anbar kolorerik,

Ezta gainerakoen

Usain gozo eta sakorra ere.

Uraren jantzi aratz eta xumea

Laket du soinean

Eta, horrela mozorroturik,

Apalategian igurikitzen du

Bertze botilekin batean,

Mutu eta pazient,

Sobera nabarmendu gabe,

Harik plater eta kikarak

Eta edalontziak oro

Mahaitik kendu dituzten arte.

 

Orduan, dafaila xahuaren gainean,

Izena eta izana berreskuratzen ditu

Eta Ginebra erregina ageri da berriro

Guzien aitzinean

Koroa buruan

-Zitroi, izotz eta pindar-

Eta Lancelot ez ezik

Mahai Biribileko bertze zaldunak oro

-are ezkutari xaloenak eta zamariak ere-

Liluraturik makurtzen gara haren

Aitzinean,

Haren oinetarat erortzen.

Bera da orduan guzietan nagusi,

Erregina bakarra,

Berak zabaltzen ditu

Beirazko tronutik

Bere bedeinkapen eta dohainak,

Bihotza altxatuz,

Mihiak zalutuz,

Irriak piztuz,

Ametsak eraginez…

Hauxe da Luigi Anselmi idazlearen Ginebraren gorazarre poema. Pamiela argitaletxearekin kaleratutako Ahantzerriko kop(l)ak izena darama, Koplak hitzaren L hizkiarekin jolasean, Kopak eta Koblak artean. Eta egia esan, liburuan kopa asko dago, edari asko, egarri; baina aldi berezian bizitzari kantu bat da poema liburu hau. Joandakoa joanda, eta desagertutakoak desagertuta, bizitzari Topa egiteko ariketa. Luigi Anselmi aspaldiko idazlea da, Bilbon jaio zen 1954an eta hamaika poema liburu idatzi ditu denak Pamiela argitaletxearekin: Desiriko Alegiak, Una botella al mar, Bertzerenak, Nola elurretan beleak, eta zenbait poeta euskaratu ditu hala nola: Cecil Day Lewis edo Roal Dahl.

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *