Erretratoak. Anne

Anne. N bikoitzarekin. Tabernako azken bazterrean dago. Edalontzi estuko pattarra mahai gainean. Ez dio jaramon handirik egiten. Bere arreta guztia esku arteko artile-lanean jarrita dauka. Zaila da asmatzea zer ote den esku arteko hori. Tapaki bat, jertse baten besoa… txano bereziren bat. Hasieretan dago eta ezin asmatu. Zuria da egiten ari den zera hori, eta orratz erraldoiekin artile-sokak nahasten ditu. Korapilo baten ostean bat, hurrengoa zuzenean, artileak utzitako zulo arteetatik pasatzen du hurrengoa. Denbora darama honetan. Tabernariak musika, irratia eta telebista kendu ditu. Orain orratzen arteko borroka-zarata baino ez da entzuten. Annek pattarra gogoratu duenean baino ez da zarata gelditu. Tabernariak ondo ote dagoen begiratu du eta pattarrari zurrupada ematen ikusi duenean lasaitu da. Laster entzun dira berriro orratz biren arteko borroka-zatiak. Egiten ari den hori gero eta zabalagoa da. Zenbat eta zabalago egiten den hori, orduan eta hustuago edalontzi pattarra. Amaitzerakoan tapakia zela ikusi da. Pattarraren azken hondarra barruratu ondoren, orratzek libre utzi ditu. Egindako tapakiari begirada bota eta astiro astiro barrara hurbildu da. Hantxe utzi du egin berri duen tapakia eta pattarraz beteta zegoen edalontzia. Agur esan dio tabernariari. Eta agur erantzun dio honek.

Goizalde Landabaso

1 thought on “Erretratoak. Anne

  1. Pingback: Radio Euskadi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *