Erretratoak. Bixente

Bixente. Kantoiaren bazterrean dago zain. Hasieran lasai, baina oin mugimenduak ikusten duenak badaki urduritzen hasi dela. Euria hasi da eta aterkina zabaldu du. Bere espazioa zabaltzen ari da.

Hasierako gelditasuna mugimendu txikietan bilakatu da, baina dagoeneko biratxoak egiten ditu. “Parkatu, ordurik bai?”. Duela hiru minutuko ordua baino hiru minutu gehiago dira, baina berak bizitza erdia pasatu dela sentitzen du. Bufaka hasi da. Kantoi alboko atarira hurreratu eta txirrina jo du. Bitan eta gero berriz ere kantoi bazterrera batu da. Euria, berriz ere.

Ingurutik pasatutako gazteari galdetu dio. “Ordurik bai?“. Minutuek mekanismo erraldoi herdoildua dirudite. Bixentek berriz ere jo du txirrina. Aurreko tabernaria erretzera irten da, eta Bixenteri ozen esan dio. “Lasai, Bixen, bajatuko da!“. Bixente tabernariarengana joan da eta zigarroa eskatu dio. Tabernariarekin gelditu da erretzen. Tabernariak txantxa pare bat egin dio; Bixente ez dago azukre askorako, baina azkenean irribarre bat irten zaio. Ataria zabaldu da orduan eta Bixenteren emaztea azaldu da. Senarra ikusi du; eta gero zigarroa eskuetan ikusi dio. “Orain ere erretzen?

Goizalde Landabaso

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *